XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berarentzat babesgarria, kutuna, zinginarria besterik ez da izango basurde tendoiaz eta letaginez eginiko zintzilikarioa.

Horretantxe ari da Mari, Txomin leize barruan sartzen denean.

Ezkerreko masaila ebakita eta soingainekoa goitik behera urratuta dakartza honek:

-Atorra tarrat teink! hiru hitz esan ditu, arnasestuka, basurde larru apurtua andreari erakutsiz.

-Atorra tarrat teink?! hiru hitzok, berriz Marik, erdi galdera, erdi oihu, eskuak buruan, bularraldea dar-dar.

Txominek bizkarrean dakarren basurde hil berria lurrean utzi du.

Gero, eskua masaila bustitik pasatu ondoren, piztia nola harrapatu duen antzezten hasi zaio Mariri, honen barkamena eskuratu nahirik edo.

Mariren hasierako kopeta iluna argitzen doa, apurka-apurka.

Txominek, azalpenekin bukatzeaz bat, soingainekoa erantzi du.

Marik, aita zenaren larrua lurretik jaso eta, gizonaren aurpegiari begiratu dio.

Hiru pauso eman eta berarengana hurreratu da.

Zauria miazkatu dio; bide batez, lepoan behera lehortutako odola ere garbituz.

Miazkada laztan, laztana fereka, fereka oihu eta mina dena ahaztu.

Eginak egin ondoren, Txomin lurretik jaiki eta basurde hil berria larrutzen eta zatitzen hasi da haizkoraz.

Heriotzarekin gutxi bailuen, dinbi-danba, kolpe bakoitzaz zigor berria erantsi nahi dio errudunari: Mina berriz masailean.

Mina soingainekoaren itzalean ere.

Mari ixilik. Gauhontza uluka.

Haizea. Abarrotsa. Sua egitera Joango da.